
BIZKAIKO KLUBEN ARTEKO BINAKAKO ZESTA-PUNTA TXAPELKETAK BADITU IADA FINALISTAK
Afizionatu mailako Bizkaiko txapelak jokoan egongo dira, datorren ostiralean, azaroak 11, Gernikako Jai Alain
Bilbon, 2022ko azaroaren 7an: Iritsi da Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntzak antolatzen duen XXXII. Bizkaiko Binakako kluben arteko “El Corte Ingles” zesta-punta txapelketako irabazleak zeintzuk izango diren jakiteko unea. Aurten txapela janzteko aukera Markina Xemeingo eta Berriatuko bikote desberdinek azaroaren 11n, barikuan, Gernikako Jai Alai pilotalekuan, 17:30etatik aurrera.
Aurten Berriatua, Markina-Xemein, Gernika Jai Alai, Durangoko Ezkurdi eta Lekeitioko Akarregi klubetako 28 bikotek lehiatu dute txapelketan 4 kategoria ezberdinetan banatuta: emakumezkoak, kadete, nagusien 2. maila eta nagusien 1. Mailan banatuta.
Emakumezkoen finala izango da arratseldeko lehendabiziko partidua. Bertan Ihart Arakistain Sopeloztarra eta Maialen Aldazabalek (Berriatua A), Erika Mugartegi eta Arai Lejardi (Markina) izango dituzte aurkari, faborito garbirik ez daukan partidu gogor bat aurreikusten delarik.
Gizonezkoen kadete mailan aldiz, Berriatuarrena izango da txapela. Hala ere Denis Alberdi eta Xabier Galdosek osatzen duen bikoteak (Berriatua A) ez ditu lan errazak izango Orkatz Uribesalgo eta Aratz Goikoetxeak (Berriatua C) osatzen duen bikoteari aurre egiteko.
Gizonezkoen 2. mailan, Markina-Xemeinera joango da txapela. Javier Urrutia toledotarra eta Jon Mandiolak (Markina A), Martin Ormaetxea eta Danel Mandiola (Markina C) izango dituzte aurrean. Kasu honetan, aurrelari gazte bi etaMandiola anaien arteko lehia izango da atzealdean, nor nagusituko ote da?
Azken partiduan, gizonezkoen 1. mailako txapela iizango da jokoan. Berriatua eta Markinako zesta eskoletako bikote hoberenak aurrez aurre; Antxon Alberdi eta Roberto Lekue, Alex Goitia eta Ion Ibarluzearen aurka. Batzuen beterania gaztetasunaren aurka. Berriatuarrak, ligaxkan partida guztiak irabazi eta faborito moduan irtengo diren arren, azkenengo 2 urteetan finalean bertan ihes egin dien txapel preziatua lortzen saiatuko dira.
Txapelketaren helburua pilotarien kirol-mailaren hobekuntza eta zesta-puntako oinzarrizko mailak bultzatzea izanik, finaletako sarrera librea izango da. Hala, Gernika Jai-Alaiko ateak 17:00etan irekiko dira. eta hurbiltzen diren ikusleek Bizkaiko zesta-puntako kluben egiten duten harrobiko lanaz gozatu ahal izango dute.